XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jon Sarasua da, eta inolako ezpairik gabe gainera, Urteko Pertsonaia, kontsultatu ditugun emakume bertsozaleen ustez.

Ranking horretan eta sekulako aldearekin Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano datoz ondoren enpate batekin eta Murua, Euzkitze, Imanol Lazkano, Madalen Lujanbio, Manolo Arozena, Lopategi, Irineo Ajuriak eramaten dituzte gainerantzeko portzentaiak.

Hasiera batean eta gisako lanotan dugun esperientzia faltagatik edo, galdera nahikoa iluna planteatu genuen, momentuko bertsolari ezagunen artean zein zatekeen Gizon Ideala galdetuz.

Galdera hori mantendu genuen bitartean, erantzunak askoz ere zabalagoak ziren.

Egaña eta Sarasua zihoazen irabazle gisa elkarren parean eta Lazkano, Lopategi, Manolo Arozena eta beste hainbat agertzen ziren gizon idealaren lekuan.

Alabaina, emakume askok, galdera erantzun gabe uzten zutela ikusirik, askoz ere neutralagoa den Urteko Pertsonaiara pasatu ginen eta Sarasuak hartu zuen abantaila, Peñagarikano eta Egaña bigarren postuan enpataturik utziz.

Akats hau izan da inkesta sinple eta topiko hau burutzerakoan egin dugun nabarmenena eta agertu beharra zegoen.

Hasierako galderari erantzunez, gizon ideal baten deskribapena egin zuen emakume batek eta horrelako gizonik ez zuela aurkitzen, esaten zuen, ez bertsolarien artean eta ez bertsolari ez zirenen artean ere.

Fisiko aldetik ondo egoteaz gain, jatorra, azkarra, langilea, umore onekoa eta umezalea behar du izan neretzako gizonak eta horrelakorik ez dut uste dagoenik, erantzun zuen.

Sarasuaren kartela

Fase horretan nahiz gero gazteen artean du Sarasuak kartelik onena.

Galderak telefonoz eman eta bizpahiru egun uzten genizkien erantzuteko eta oso korrientea izan da amak alabarekin edo bizpahiru ahizpak elkarrekin eztabaidatu ondoren erantzutea.

Izena ez baizik adina eskatzen genien erantzuleei eta datu horren arabera jakin dugu Jon Sarasuak gazteen artean dituela inkondizional gehienak.

Behin baino gehiagotan komentatu zuen ama batek erantzutean, nik nere dudak nituen, baina alabak Jon Sarasua jartzeko agindu dit.

Hasierako Gizon Idealaren fase horri bagagozkio, aipaturiko Sarasua, Egaña, Peñagarikano eta Muruaz gainera Manolo Arozena, Imanol Lazkano eta Ajuriak ere miresle dezente dituztela esan daiteke emakumeen artean.

Zergatiak eskatzean, batzuk oso zehatzak izan dira.

Batek Manolo da guztien artean goapoena, zihoen edo bost adiskide afari bat egitera bildu eta afalostean gure galderei erantzuten hasi zirelarik, bost botoak Iñaki Muruarentzat izan ziren aho batez.

Hasierako zabaltasun hau, ordea, erabat murriztu zen, galdera Urteko Pertsonaia aukeratzera zuzendu genuenean eta horretan Jon Sarasuak izan ditu abantail guztiak, txapela Peñagarikanok eraman bazuen ere, benetako protagonismoa berak hartu zuelako, batek baino gehiagok zioen bezala edo urte osoan zehar polemika guztien zilborrean egon delako.

Horrek behin eta berriro gauza bat erakutsi du, emakume bertsozaleak gutxienez, oso irizpide zabalekoak direla bertsolarien protesta eta jestuak interpretatzeko orduan.

Zein da goapoena?

Zein da bertsolari ezagunen artean fisiko aldetik dotoreena edo itxurazkoena?, izan zen inkestaren bigarren galdera.

Eta hemen ere emakume bertsozaleek gusto oso zabala dutela frogatu zuten.

Jon Sarasua eta Andoni Egaña kontsideratzen dituzte fisiko aldetik atraktiboenak edo itxurazkoenak.

Biek enpate egin dute, arrazoiak ematerakoan Sarasuarekin askoz zehatzagoak badira ere.

Bera iruditzen zait goapoena, nahiz eta txiki samarra izan diote batzuk eta Galtza bakero batzuk jantziko balitu askoz ere hobeto, baina dagoen bezala ere ez dago gaizki, eta Gorputza ez hainbeste beharbada, baina aurpegia oso ederra du, beste batek.